Gizartea -

Lan-istripua

Langile bat hil da Zaldibian

10:30ean izan da ezbeharra. Telefonia azpiegiturak aldatzen ari zela hil da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azpikontratatutako langile bat hil da ostegun honetan Zaldibian (Gipuzkoa), telefono azpiegiturak aldatzen ari zela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 10:30ean izan da ezbeharra. Ordu horretan, gizonak konortea galdu du, eta lekura hurbildu diren osasun zerbitzuak hura suspertzen ahalegindu diren arren, tokian bertan hil dela baieztatu dute.

LAB sindikatuak babesa adierazi die hildako langilearen gertuko senideei, lagunei eta gainontzeko langileei. Kasu honetan, hildakoa azpikontratatutako langile bat izan dela ohartarazi du sindikatuak, eta langileen lan baldintzak, presioak eta horrek sortzen duen estresa istripu kardiobaskularrak areagotzen dituzten faktoreak direla frogatuta dagoela azpimarratu du.

Sindikatu horren arabera, lan-istripu honen eta guztien atzean langileen lan eta bizi baldintzak daude. “Lan baldintza kaxkarrak (ordutegi luzeak, presioak edota autoritarismoa) estresa sortzen duten faktoreak izan ohi dira. Ondorioz, batzuetan langileak hil egiten dira, ondoezak jota”, ohartarazi du LABek.

Halaber, langileek prekarietatea eta azpikontratazioa salatu dutela nabarmendu du LAB sindikatuak. Ildo horretatik, presioak salatzeko lanuzteak eta grebak egin dituztela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea