Gizartea -
Lau parapente istripu
Gizon bat hil da Baigura mendian, parapente istripuan
Nafarroa Beherean izan da ezbeharra, haizearen ondorioz. Bestalde, hiru lagunek istripua izan dute Orion, parapentean ere. Erorikoak izan dituzte eta horietako bat osasun zentrora eraman dute.
E. Irratia | Erredakzioa
30 urteko gizonezko bat hil da Baigura mendian (Nafarroa Beherean), haize bortitzaren ondorioz parapentean istripua izan ostean.
Lehen informazioen arabera, oraindik aireratzeko zegoenean, haize ufada batek aurretik eraman du eta haitz baten kontra jo du gizonezkoak. Biktima bi lagunekin batera zegoen ezbeharra izan denean.
Beste hiru parapente istripu Orion
Bestalde, Orion parapente istripuak izan dituzte hiru lagunek, eta horietako bat erietxera eraman dute, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ezbeharretako bat 13:25ean izan da. Dirudienez, parapenteak zihoan 35 urteko gizon batek erorikoa izan du baserri bateko zelaian, eta zauritua izan da. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira eta biktima osasun zentro batera igorri dute.
Orion izan den bigarren istripuan lagun batek erorikoa izan du Kukuarri mendi inguruetan, eta zuhaitz batean erori da. 10 metroko altueran eskegita geratu da, eta suhiltzaileek onik erreskatatu dute.
Azkenik hirugarren kirolari bat Aginaga inguruetan erori da, baina ez du zauririk izan.
Parapente-istripua izan duen lagunetako baten irudia. Argazkia: Bomberos Euskadi Twitter