Gizartea -

Erasoa

Suhi ohiari labanaz erasotzeagatik atxilotu dute, Eibarren

Ustezko erasotzaileak, 56 urteko gizon batek, lepoan sastatu du. Erasoa egin ostean, ertzain-etxera joan da, bere burua agenteen eskuetan uztera.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ermuko (Bizkaia) taberna batean suhi ohiari labanaz eraso diola esanez Eibarko ertzain-etxean bere burua aurkeztu duen gizon bat atxilotu du bart Polizia autonomikoak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, bart Ermuko taberna batean erasoa izan da. Gizon batek beste bat sastatu du, eta, ondoren, ihes egin du.

Ertzaintzako agenteak erasoa izan den lekura heldu direnean, lepoan zauria zuen gizon bat topatu dute kalean. Ermuko udaltzain batzuk ari ziren biktima artatzen. Biktimak agenteei kontatu dienez, aitaginarreba ohiak labanaz eraso dio.

Zauritutakoa anbulantziaz eraman dute Mendaroko Ospitalera, eta, larri zegoela ikusita, Donostiako erietxera eraman dute jarraian.

Ordu batzuk geroago, 05:20 aldera, ustezko erasotzailea, 56 urteko gizon bat, Eibarko ertzain-etxera joan da, bere burua agenteen eskuetan uztera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ermua albisteak Eibar Gizartea bideoak