Gizartea -
Errefuxiatuak
Teruelen topatu dituzte, kamioi batean, Durangotik joan ziren kurduak
Ostiralean atzeman zituzten hozkailu kamioi batean ezkutatuta. Erresuma Batura joan nahi ei zuten errefuxiatuek.
Agentziak | Erredakzioa
Elorrion, martxoaren 2an, zazpi pertsona topatu zituzten kamioi baten barruan, atoian ezkutatuta. Hiru heldu eta lau adingabe kurduei Durangon eman zieten ostatu, asilo eskaera egiteko laguntza jaso zuten. Handik gutxira, baina, Durangotik alde egin zuten errefuxiatuek, eta ostiralean Teruelen atzeman zituzten, beste kamioi baten barruan.
Guztira zortzi pertsona (Euskal Herritik alde egindako zazpiak eta gizon bat) aurkitu zituzten ezkutatuta, hozkailu kamioi baten barruan, A-23 autobidean, Villafranca del Campo udalerrian (Teruel). Kamioilaria atxilotu zuten, pertsonen trafikoa leporatuta.
5, 8 eta 10 urteko seme-alabekin zihoan bikoteak eta bi urteko alabarekin zihoan amak Durangon utzitako etxea utzi zutela jakin zuen Udalak martxoaren 13an, astelehenarekin. Asteburua baino lehen beste bidaia bati ekin ziotela uste du Guardia Zibilak, ostiralean Murtziatik ateratako kamioi batean topatu baitzituzten, Teruelen.
Elorrion topatu zituztenean bezalaxe, Erresuma Batura joateko asmoa ei zuten bi familiek. Oraingo honetan, baina, kamioilariaren laguntza izan zuten susmoa du Guardia Zibilak. Izan ere, zortzi pertsonak zigilatutako kutxa baten barruan atzeman zituzten.
Zortziak onik zeuden, eta Teruelgo Guardia Zibilaren esku geratu ziren.
Kamioilaria, 37 urteko errumaniarra, atxilotu egin zuten, eta gaur bigarrenez deklaratuko du epailearen aurrean. Pertsonekin trafikatzen saiatu ote den ala ez ikertzen ari da Polizia. Izan ere, errepide berean, duela hilabete, beste 6 errefuxiatu kurdu atzeman zituzten kamioi batean ezkutatuta.