Gizartea -
Lapurretak Nafarroan
Hiru atxilotu Barañainen, 920 euroren balioa duten koloniak osteagatik
Gainera, Nafarroako Foruzaingoak beste gizonezko bat atxilotu du Faltzesen, indarkeriaz lapurreta egin izana leporatuta.
EITB.EUS
Nafarroako Foruzaingoak hiru gizonezko atxilotu ditu Barañainen, udalerriko saltoki batean 920 euroren balioa duten koloniak lapurtzea egotzita.
Saltokiko langileek produktuak ordaindu gabe eraman nahi zituzten bi pertsona atxiki zituzten, agenteak bertaratu ziren arte. Hirugarren laguna saltokiaren kanpoan aurkitu zuten.
Atxilotuak 23, 31 eta 33 urteko hiru gizonezko dira, Zaragozako Ricla herrian erroldatuta daude, eta leporatzen zaizkien gertaerak aitortu dituzte Poliziaren aurrean. Gainera, hainbat kolonia aurkitu zituzten atxilotuek erabili omen zuten ibilgailu batean, eta ezin izan zuten produktu horien jatorria azaldu.
Dendako arduradunaren esanetan, lapurtutako produktuek 920 euroren balioa zuten. Hori dela eta, salaketa aurkeztu zuen.
Bestalde, Nafarroako Foruzaingoak 27 urteko gizon bat atxilotu du Faltzesen, indarkeriaz egindako lapurreta delituaren egilea delakoan.