Gizartea -
Tenerife
Teiden harrapatuta geratu ziren 111 pertsonak erreskatatu dituzte jada
111 pertsonak gailurrean (3.718 metrora dago) igaro behar izan dute gaua. Atzo kabinetan harrapatuta geratu ziren beste 70 lagun erreskatatu zituzten.
Agentziak | erredakzioa
Bukatu dituzte dagoeneko Teiden (3.718 metro), Tenerife, harrapatuta geratu diren 111 pertsonak erreskatatzeko lanak. Atzo, osteguna, teleferikoa matxuratu egin zen, eta 200 bat pertsona harrapatuta geratu ziren guztira.
Hala, 112 Segurtasun eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak zabaldu duenez, lehen ebakuazioak gaur goizeko lehen orduan hasi dira, eta eguerdi aldera bukatu, Larrialdi eta Salbamendu Taldeko eta Guardia Zibileko helikopteroekin.
Gainera, Larrialdietarako Unitate Militarreko kideek (UME) eta Tenerifeko suhiltzaileek ere parte hartu dute erreskatean, aireko laguntza behar ez dutenen kasuan, Mendi Zuritik oinez irteten.
Kabinetan harrapatuta geratu diren 70 pertsonak atzo bertan erreskatatu zituzten. Horiez gain, 52 helduk eta hiru adingabek teleferikoaren goiko geltokian pasatu dute gaua; beste 40 lagunek, gehienek mugikortasun murriztua dute, Altavistako aterpean eta, beste 16, 2. dorrearen azpian dagoen hormigoizko etxolan izan dira.
Gailurrerako bidexka guztiak itxi egin dituzte ebakuazio operatiboa bukatu bitartean, eta TF-21 errepidean zirkulazioa eten dute, Portillotik Paradore Nazionaleraino, erreskate taldeen ibilgailuen joan-etorria errazteko.
Erreskatea Tenerifeko Teide mendian. Argazkia: EFE