Gizartea -
520 hildako aurten
Erreskateek ez dute etenik Mediterraneoan: 1.200 lagun erreskatatuta
Horiek guztiak Libiako kostaldetik abiatu ziren. Urte hasieratik, 22.000 pertsona erreskatatu dituzte dagoeneko, Siziliako itsasartean.
agentziak | erredakzioa
Ia 1.200 pertsona erreskatatu dituzte Mediterraneoko uretan asteburu honetan, Libia eta Italia artean, Mugarik Gabeko Medikuak GKEak igande honetan zabaldu duenez. Erreskatatutako emakume bat konorterik gabe zegoen topatu zutenean eta, azkenean, hil egin da.
412 pertsona aurkitu dituzte egurrezko txalupa batean. Gainerakoak, ontzi puzgarrietan abiatu dira uretara, horiek guztiak kostalde libiarretik. 2017 urtea hasi zenetik, 22.000 migratzaile erreskatatu dituzte dagoeneko, eta 520 bat hil egin dira bidean.
Aurreko astean, Carmelo Ziccaro Cataniako (Sizilia) fiskalburuak salatu zuen Mediterraneoan jarduten duten gizaldeko organizazioen itsasontziek mafien aurkako borrokaren aurka egiten dutela eta, gainera, GKEek eta Libiako pertsona-trafikatzaileek euren artean hitz egiten dutela.
Igande honetan, Paolo Grimoldi Lega Nord alderdiko diputatuak ere GKEen aurka egin du, bere ustean, "taxi zerbitzua" egiten dute organizazioek, migratzaileak Italiara eramaten dituztelako Tunez edo Maltara eraman beharrean, hurbilago badaude ere. "Gobernuak GKEen itsasontzien joan-etorria ez baldin badu gelditzen, urte bukaeran milaka etorkin afrikarrek zapalduko gaituzte", erantsi du.