Gizartea -

Epaia

Karrantzako Mindaren konkurtsoa 'ustekabekoa' izan zela dio epaileak

Bilboko 2. Merkataritza Auzitegiak akusatuak absolbitu egin ditu, beren kudeaketarekin sozietate publikoaren porrota larriagotu ez zutela argudiatuta.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Karrantzako Minda plantaren konkurtsoa eta likidazioa "ustekabekoa" izan zela ebatzi du Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak. Karrantzako Minda sozietate publikoa diru publikoarekin sortu zuten, 10 milioi euroko diru laguntzak jaso zituen, baina proiektua amaitu aurretik hondoa jo zuen.

Konkurtsoaren kalifikazioagatik kaltetutako 10 pertsonak eta beste hiru lagunek deklaratu zuten epaiketan. Auzian nahastuta zeuden, besteak beste, Martin Ascasibar Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Saileko Berrikuntza zuzendaria ohia, Jose Luis Portillo Karrantzako alkate ohia eta Jose Ignacio Muro zinegotzi ohia.

Gaur argitaratutako epaian irakur daitekeenez, epaileak atzera bota ditu Fiskaltzak, Estatuaren Abokatutzak eta konkurtsoko administratzaileak egindako zigor eskaerak, eta akusatuak absolbitu egin ditu.

Aldeek 20 eguneko epea dute Bizkaiko Auzitegian apelazio helegitea aurkezteko.

Karrantzako Minda plantaren merkataritza auziari buruzkoa da gaurko epaia; izan ere, zigor arloari dagokiona Balmasedako epaitegiaren esku dago —11 pertsona daude inputatuta—.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Epaiketak bideoak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa Enkartazioak