Gizartea -
Nafarroa
2018ko irailean irekiko dute Navarra Arena eraikina
Kirol eta kultura arloko egitarau jakinak eskaintzeko egun zehatzetan irekiko da instalazioa. Erreferentziazko ekitaldiak hartu ahal izatea espero du Nafarroako Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
2018ko irailetik aurrera irekiko du Navarra Arena pabilioia. Erabaki horren bidez, Nafarroako Gobernuak irtenbidea eman nahi dio 2013. urteaz geroztik itxita dagoen azpiegitura horri. Gobernuak jakitera eman duenez, guztiz erabilgarria izateko oraindik obra gehiago egin behar dira. Halaber, epaitegietan jarritako 4,2 milioi euro inguruko erreklamazioari buruz hitz egin du.
Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak asteazken honetan azaldu duenez, kirol eta kultura arloko egitarau jakinak eskaintzeko egun zehatzetan irekiko da instalazioa. Ildo horretatik, momentuz Komunitateko beste azpiegitura batzuek baino edukiera handiagoa behar duten ekitaldietan soilik irekiko dela nabarmendu du.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, kirol arloan erreferentziazko ekitaldiak hartu ahal izatea izango da azpiegitura horren helburu nagusia. Arrazoi horregatik, pabilioiaz gain Kirolaren eta Gazteriaren Nafarroako Institutuaren kirol-arloaren egoitza eta Kirolaren Etxea hartuko ditu eraikin horrek.
Gauzak horrela, aurten bertan hasiko dituzte eraikina ireki ahal izateko beharrezko lanak egiten, oraindik 7,3 milioi eurotan baloratutako lanak egitea falta baita.
Kopuru horretatik, sei milioi euro ondorengo lan hauek burutzeko bideratuko dira: segurtasun-ekipamendurako, kirol-ekipamendurako, zerbitzu-ekipamendurako eta altzaritarako, eta aparkalekua martxan jartzeko. Bere garaian aurreikusitako gainerako lanak egiteke geratuko dira; tartean, museo bat egitea aurreikusten zen.