Gizartea -

Haurren futbola

Basauriko mutikoak, AEBko koloreekin, 'Mundialito' txapelketan

Baskonia Futbol Eskolako 21 haur eta lau entrenatzaile Saloun dira egunotan ordezkaritza estatubatuarraren taldean jokatzen.

Mutikoak, AEBko entrenatzailearen azalpenak entzuten. Argazkia: Baskonia Futbol Eskola
Argazkia: Baskonia Futbol Eskola
Mutikoak, AEBko entrenatzailearen azalpenak entzuten. Argazkia: Baskonia Futbol Eskola

E.G. | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lerro hauekin batera doan argazkiari erreparatuz gero, futbolari gazte talde bat ikus daiteke entrenatzaileak emandako jarraibideak entzuten. Ameriketako Estatu Batuen (AEB) uniformea dute denek soinean, AEB siglak (USA, ingelesez) eta izar eta barrak agerian dituztela. Gehienek, ordea, ez dute jakingo umeetako batzuk Basaurikoak direla.

Hala da, bai. Baskonia Futbol Eskolako 21 haur eta lau entrenatzaile Saloun (Tarragona) dira larunbatetik Haurren Kluben Munduko Txapelketan, 'Mundialito' izenaz ezagutzen den horretan. AEBko ordezkaritzak lehian dituen 17 taldeetan ari dira, "amets bat betez", aitortu dio eitb.eus-i Aitor Martinez futbol eskolako koordinatzaile eta trukearen sustatzaileak.

Emozioak jota daude Martinez eta Basauritik joandako guztiak, ez da gutxiagorako. Europako futbol talde ospetsuenak lehiatzen dira txapelketan:  Bayern Munich, Bartzelona, Ajax, Juventus, Athletic bera... Martinezek entrenatzen duen taldeak, 2007an jaiotako Basauriko eta AEBko haurrek osatutakoak, partida zuen eguerdian PSVren kontra, eta irabaziz gero, Ajax lukete aurkari, kontatu digu basauriarrak.

Txapelketaren hasierako desfilearen bideoa, Baskonia Futbol Eskolako Facebook orrialdearen eskutik. 50 herrialdeetako 4.000 ume izan ziren:

Nola lortu dute, bada, Basauriko jokalariek AEBkoekin batera nazioarteko txapelketa honetan lehiatzea? AEBko taldeak min hartutako hainbat jokalari zituzten hitzordurako, eta laguntza eske, Martinezengana jo zuten, aspalditik ezagutzen baitzuten:

"Costa Dorada Cup delakoan aritu ginen duela bost urte, baita irabazi ere. AEBko taldea gure hotel berean zegoen, eta lagunak egin ginen. Mesede eske deitu zidaten, eta gurasoekin hitz egin ostean, hemen gaude, pozarren!", esan du.

Basauriko taldea larunbatera arte egongo da Saloun, "esperientzia aberasgarri eta positibo" hau zukutu guran.

Albistearen amaierara heldu denak akaso edukiko du galdera buruan eta... bai, joko-arauak ez ezik hizkuntzaren eskakizunei ere erantzun behar diete Baskonia Futbol Eskolakoek. Izan ere, ingelesez moldatu behar izan dira egunotan. Itzultzaileak dituzte lagun, baita Google ere. "Mirariak egin daitezke bilatzaileari esker", diosku Martinezek irri artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste xelebreak Basauriko bideoak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Bizkaiko albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea