Gizartea -

Zirkulazio xehetasunak

Aste Santuko zirkulazioa: Zer egun eta ordutan ez da komeni autoa hartzea?

Informa zaitez zirkulazioari buruz 011 telefonoan, eitb.eus-en webgune berezian. Batez beste 469.000 irteera espero dira Euskadiko errepideetan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak batez beste 469.000 irteera espero ditu Euskadiko errepideetan apirilaren 12tik 17ra. Iazko Aste Santuan baino % 5 gehiago.

Guztira, 200 ertzain arduratuko dira errepide nagusietan zirkulazioa arina izateko.

Trafiko Zuzendaritzak 'Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen' kanpainarekin jarraituko du, esan du Trafikoko zuzendariak, Sonia Diaz de Corcuerak. "Bide segurtasunean arriskuak ez izateko beharra azpimarratzea garrantzitsua da", gaineratu du.

Jarraian, zirkulazio itogune handienak zeintzuk izango diren eta zer ordutan eratuko diren bildu dizkizuegu:

Bizkaia: A-8 autobidean, Kantabriarako noranzkoan. Ostegun Santuaren bezperan, 15:00etatik 21:00etara, eta Ostegun Santuan 09:00etatik 15:00etara. Itzulera Bilborako noranzkoan, Pazko Astelehenean izaten da, 13:00etatik 21:00etara.

Gipuzkoa: Biriatuko ordainlekuan (Frantziarako noranzkoan). Ostegun Santuan goiz osoan. Pazko Astelehenean jai da Frantzian eta Donostirako noranzkoan trafiko motela izaten da, bai ostiralean bai larunbatean.

Álava: Armiñon, A-1 errepidetik AP-1 autobiderako sarreran, hiru erreitik batera pasatzen denean. Asteazkenean 15:00etatik 20:00etara eta Ostegun Santuan 08:00etatik 14:30era. Itzulera Pazko Astelehenean izaten da.

Autoa hartu aurreko aholkuak

Errepidera atera aurretik, 011 telefono zenbakira deitzea aholkatu dute Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik, zirkulazioaren egoera ezagutzeko. Erakunde horrek Twitterren eta bere webgunean ere emango du unean uneko informazioa.

Bestalde, EiTBk informazioa emango du eitb.eus-eko zirkulazioaren inguruko webgune berezian eta Radio Euskadiko ordu erdiro eskaintzen dituen albistegietan.

Beste gomendio batzuk: egiaztatu ibilgailuaren egoera, eta ez kontsumitu alkoholdun edaririk ezta koipedun elikagairik. Eta, inportanteena agian, lasai hartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zirkulazio Istripuak gaur Trafikoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Arabako trafiko telefonoa Trafikoko web-kamerak Bilbon Eguneko albisteak A-8 autobideko istripuak gaur