Gizartea -
Erasoa Bilbon
Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon, gizon bati labanaz erasotzea egotzita
Biktimak hainbat zauri ditu sabelaldean, bi hankatan eta bizkarrean, eta pronostiko larria du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 47 eta 52 urteko bi gizonezko atxilotu ditu bart Bilbon, gizon bati labanaz erasotzea egotzita. Antza denez, atxilotuak eta biktimak pisukideak dira eta etxebizitza gisa egokitutako lonja batean bizi dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gauerdia baino lehentxeago hasi zen liskarra Basurtu auzoko etxebizitza batean. Bizilagun batek Ertzaintzari deitu dio kalean zauritutako pertsona bat zegoela ohartaraziz.
Biktimak hainbat zauri ditu sabelaldean, bi hankatan eta bizkarrean, eta ospitaleratu egin behar izan dute. Pronostiko larria du.
Zaurituak ertzainei azaldu dienez, pisukide batek eraso egin dio. Ertzainak erasoaren tokira bertaratu dira eta eskuak odolez zikinduta zituzten bi pertsona aurkitu dituzte.
Gainera, Ertzaintzak odolez zikindutako labana bat topatu zuen ohe baten azpian. Hori dela eta, bi gizon atxilotu dituzte lesio delitua leporatuta.