Gizartea -
Aleporen aldeko martxa zibila
Bilbo eta Alepo lotzen, errefuxiatuen alde
Ana Elena Altuna bilbotarrak eta Aixa haren alabak Aleporen aldeko Martxa Zibilarekin bat egin dute, gatazka horren aurreko “mobilizazio aktiboa” bultzatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Ana Elena Altuna eta Aixa haren alaba, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak, Aleporen aldeko Martxa Zibilari batu zaizkio, gatazka horren aurrean “herritarren mobilizazio aktiboa” ikusarazteko eta "Siriako gerra behingoz bukatzea eta giza korridore seguruak zabaltzea” aldarrikatzeko.
Ekimen hau abenduaren 26an abiatu zuten, Berlinen, eta errefuxiatuek Siriako mugaraino oinez egiten duten 3.000 kilometroko ibilaldia “kontrako noranzkoan” egitea du helburu, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak gogora ekarri duenez.
Apirilean, Ana Elenak eta Aixa alabak Aleporen aldeko Martxa Zibilarekin bat egingo dute, beraz, Serbian egingo duen zeharkaldian, egun batzuk geroago Euskal Herriko eta Espainiako hainbat puntutatik Gernikara errefuxiatuen alde egingo dituzten martxetan parte hartu aurretik.
Errefuxiatuen aldeko martxa hartuko duen zazpigarren herrialdea izango da Serbia, aurretik Alemanian, Txekiar Errepublikan, Austrian, Eslovenian, Kroazian eta Bosnia-Herzegovinan egon baita. Antolatzaileen asmoa Alepora (Siria) urrian heltzea da, Serbia bera, Mazedonia, Grezia eta Turkia atzean utzita.
Ana Elenak abenduan ere hartu zuen parte martxan Berlinen, Naima alabarekin, eta hiru etapa egingo ditu orain Serbian, Aixa alabarekin batera, Bilbora itzuli eta Ongi Etorri Gernika 2017 bonbardaketaren 80. urteurrena dela-eta Gernikan apirilaren 29 eta 30ean egingo dituzten jardunaldietan parte hartu aurretik.
Parte-hartzaileak hainbat puntutatik abiatuko dira, apirilaren 28 eta 29an, larunbatean, 16:00etan, Muxikan bat egiteko. Handik, Gernikara abiatuko dira Astrako sirena joka ari dela, duela 80 urte bonbardaketaren berri emateko egin zuen bezala.