Gizartea -
Sutea
Getxoko gaztetxea izandakoa eraitsi egin dute, kiskalita geratu ostean
Sute handi batek erabat kiskali du egun abandonatuta zegoen eraikina, eta behera bota behar izan dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sute handia piztu da goizean Getxoko gaztetxea izandakoan, Errekagane kalean (Areeta). Garrek erabat kiskali dute orain abandonatuta zegoen eraikina eta iluntzean eraitsi egin dute pabiloia.
Sutea dela eta, Bilboko metro zerbitzua hiru orduz eten behar izan dute Aiboa (Getxo) eta Astrabudua (Erandio) geltokien artean.
Bizkaiko suhiltzaileek jakinarazi dutenez, hiru pertsona atera behar izan dituzte bertatik, baina ez da inor zauritu. Sua piztu denean, bi pertsona zeuden eraikinaren barruan, eta suhiltzaileek bertatik ateratzera behartu dituzte. Halaber, ondoko etxebizitza bateko bizilagun bat ere etxetik atera dute, badaezpadako neurri gisa.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, 09:40an piztu da sua, eta suhiltzaileek goizeko hamaiketarako garrak kontrolpean hartu badituzte ere, sua erabat itzaltzeko lanean jarraitu behar izan dute. Suaren ondorioz, eraikinaren egurrezko teilatua erori da, eta horrek zaildu egin ditu itzaltzeko lanak.
Suteak ez du kalterik egin Bilboko Metroaren instalazioetan, baina argindarra eten da, eta, ondorioz, metro zerbitzua ere bertan behera gelditu da Aiboa eta Astrabudua artean, hiru orduz. Denbora horretan, autobusak egon dira zerbitzua eskaintzen.
Metro Bilbaok jakinarazi duenez, 13:15ean berrezarri dute zerbitzua.
Bestalde, eguerdian, Imanol Landa Getxoko alkateak berretsi egin du haren udal taldeak pabiloiak birgaitzeko proiektuari eutsiko diola. Alabaina, orain hori ezinezkoa izango da, iluntzean eraikina behera bota dutelako.
(Ke lainoa urrutitik ikusi ahal izan da. Argazkia: @poetacoliflor)