Gizartea -

Lapurreta

Lagun bat atxilotu dute Irunen, lau auto kaltetu eta barruan lapurtzeagatik

Atxilotuak 18 urte ditu, eta aurrezki-libreta bat eta kamioi bateko giltzak zituen bere erropen artean, auto batetik lapurtutakoak bata zein bestea.

Agenziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu du Irunen, lau ibilgailu kaltetu ostean, beraien barruan lapurtzeko asmoarekin, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gertaera larunbat goizaldean jazo zen, 3:30ean. Ordu horretan, zaintza lanak egiten zebilen patruila bat Auzolan kalean aparkatuta zegoen auto baten alarma piztu zela ohartu zen.

Ertzainak bertaratu egin ziren, eta autotik gazte bat atera eta ihes egiteari ekin ziola ikusi zutenean, haren atzetik abiatu ziren. Gazteak zenbait objektu jaurti zituen bere lasterraldian, eta halako batean atzitu egin zuten.

Gerora, agenteek argitu zuten susmagarriak eguzkitako batzuk bota zituela lurrera, zorro eta guzti, eta autoko leihatila bateko kristala hautsita zegoela.

Horrez gain, inguru hartan antzeko kalteak zituzten beste bi ibilgailu zeudela konturatu ziren, eta beste batek bortxatua izan zenaren itxurak zituela.

Atxilotuak aurrezki-libreta bat eta kamioi bateko giltzak zituen bere erropen artean, auto batetik lapurtutakoak bata zein bestea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Delituak bideoak Gizartea albisteak Irun bideoak Albisteak