Gizartea -

Eguraldiaren iragarpena

Ezegonkortasuna, hotza eta euria, datozen egunetarako

Antizikloia ekialdera mugituko da eta depresioguneak eta fronteak gerturatuko dira gurera.

Datozen egunetan borraskak eta fronteak gerturatuko dira gurera. Artxiboko argazkia: EFE
Datozen egunetan borraskak eta fronteak gerturatuko dira gurera. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko egunetako eguraldi egonkorraren ondotik, arratsaldetik aurrera aldaketak izango dira eta ezegonkortasuna, hotza eta haizea nagusituko dira. Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, antizikloia ekialdera mugituko da, eta depresioguneak eta fronteak gerturatuko dira gurera.

Gaur, astelehena, giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu, baina arratsaldeak aurrera egin ahala aldaketak igarriko dira. Goizean, eguzkia zabal ageriko da, eta tenperatura berriro ere 20 ºC ingurura igoko da kostaldean eta 25 ºC ingurura barnealdean. Egunaren bigarren zatian, bero-hodeiak garatzen joango dira eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Ipar-ekialdeko haizea nagusituko da egunaren bigarren zatian.

Asteartean, euritara joko du eta tenperatura asko jaitsiko da. Egunaren lehen zatian, hodei ugari agertuko da, baina oraindik ostarte batzuk ikusiko ditugu eta zaparradak tarteka baino ez ditu botako. Arratsaldeko lehen orduetatik aurrera, aldiz, fronte hotz bat iritsiko da, eta euri kontuak ugaritu eta lurralde osora zabalduko dira. Tenperaturak behera egingo du nabarmen, eta maximoak nekez iritsiko dira 14-15 ºC-ra. Egunaren bukaeran, baliteke elur-maila 1.200 metrora jaistea.

Asteazkenean, giro hotza eta zaparrada batzuk izango ditugu. Tenperaturak beherako bideari eutsiko dio eta balio maximoak ozta-ozta iritsiko dira 10-12 ºC-ra. Hodeitza aldakorra izango da, mendebaldean hodei gehiago pilatuko dira, eta zaparradak botatzeko probabilitatea handiagoa izango da bertan. Ipar/ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, eta kostaldean bizi samar joko du tarteka.

Ostegunean, laino dezente izango dugu zeruan, eta euria egingo du tarteka. Hotz egiten jarraituko du, eta tenperatura maximoak 10-11 ºC-ren bueltan kokatuko dira. Halaber, haizeak iparretik joko du, eta tarteka zakar ibiliko da.

Itxura guztien arabera, ostiralean eta asteburura begira, tenperatura maximoek gorako bidea hartuko dute eta 17-20 graduren bueltan kokatuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Bilbao Gizartea Gaurko azken orduko albistea