Gizartea -

Iragarpena

Eguraldia maiatzeko zubian: egunik onenak, larunbata eta astelehena

Igandean, berriz, fronte baten etorrerak euria eta tenperatura freskoak utziko ditu denean.

Udaberriko giro aldakorra izango dugu asteburu honetan. Olaberria (Lazaro Gonzalez)
Olaberria. Argazkia: Lazaro Gonzalez
Udaberriko giro aldakorra izango dugu asteburu honetan. Olaberria (Lazaro Gonzalez)

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udaberriko giro aldakorrarekin dator maiatzaren 1eko zubia. Giro polita izango dugu larunbatean —batez ere goizean— eta astelehenean, baina igandean euria eta tenperatura freskoak espero dira.

Askok ostiral arratsaldean ekingo diote jaiegunen segidari. Eguzkia izango dute lagun, zerua hodeiren batekin zipriztinduta egongo bada ere. Giroak epeltzera egingo du, eta termometroak 13-15 ºC-raino igoko dira.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, larunbata giro goxo eta zeru eguzkitsuekin abiatuko da. Haizea hegoaldetik joko du, eta horrek tenperaturak igoaraziko ditu. Minimoak freskoak izango dira oraindik (zazpi gradukoak Bilbon, eta gradu bakarrekoak, Gasteizen), eta maximoek gora egingo dute nabarmen, 18-20 ºC-raino.

Orduek aurrera egin ahala, baina, barnealdetik hodei trinkoagoak sartuko dira, eta zaparradaren bat edo beste izango da. Hori bai, han-hemenka botako du, bereziki egunaren amaieran. Bustitzeko aukera handiagoa izango da barnealdean eta mendebaldean.

Igandean, okerrera egingo du aroak. Egunsentia argia izango da, eta hego haizearen eraginpean egongo gara. Arratsaldean, fronte bat sartuko da, eta eguraldia goitik behera aldatuko du: lainotu, euritara jo eta dezente freskatuko du. Gauean, elurra egingo du 1.300-1.400 metrotik gora.

Astelehenean, giro eguzkitsua espero dugu, batez ere lurraldearen hegoaldean eta barnealdean. Kostaldean, berriz, lainotuago egongo da, eta tantaren bat edo beste botako du. Tenperaturek apur bat egingo dute behera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Bilbao Albisteak