Gizartea -
Bilbon
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, Euskotreneko langile bat jotzea egotzita
Euskotreneko enpresa batzordeak erasoa gaitzesteko kontzentrazio deitu du larunbaterako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Bilboko Atxuri geltokian, Euskotreneko langile bati erasotzea egotzita. Langileak txartelik gabe bidaiatzea aurpegiratu zion.
Euskotreneko enpresa batzordeko iturriek jakinarazi duenez, erasoa gaitzesteko kontzentrazioa deitu du larunbaterako. Erasoa atzo 16:30an gertatu zen Atxuri geltokian, langileak Donostia eta Bilbo arteko bidea egin zuen tren batetik jaitsi zen bidaiari bati txartela eskatu zionean.
Bidaiariak txartelik ez zuela erantzun zion eta, hori dela eta, isuna jarriko ziola adierazi zion langileak. Bidaiaria ihes egiten ahalegindu zen hesiaren gainetik jauzi eginez.
Gizonak, orduan, makila batekin aurpegian jo zuen langilea, masail batean eta hortzetan zauriak eraginez. Geltokiko langileek Ertzaintzari abisua eman zioten eta agenteek erasotzailea atxilotu zuten.
Langileak erasotzailearen kontrako salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean. Bestalde, Euskotreneko Batzorde Iraunkorrak atzoko erasoa eta, oro har, langileek beren lanaldian jasaten dituzten erasoak salatu ditu.