Gizartea -
Indarkeria
Partida bateko ikusle bat atxilotu dute Gasteizen, bi ertzain jotzeagatik
Asteazken iluntzean gertatu ziren istiluak Marianistas eta Zaramaga taldeen arteko futbol partidan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako Gizonezkoen Maila Goreneko futbol partidako ikusle bat atxilotu zuten atzo Gasteizen, futbol zelaira jauzi egin eta bi ertzaini erasotzea egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, atzo 21:30 aldera gertatu ziren istiluak Marianistas eta Zaramaga futbol taldeen arteko partidan.
Iturri horren esanetan, ikusle batek zelaira jauzi egin zuen pertsonaren bati erasotzeko asmoz. Dena den, ez du zehaztu erasotzaileak epailea edo jokalariren bat jo nahi zuen.
Etxeko taldeak Ertzaintzari eta Udaltzaingoari abisua eman zien, eta agenteak iskanbila eragiten ari zen gizonezkoa geldiarazten ahalegindu ziren.
Gizonezkoa oldarkor agertu zen agenteen aurrean, eta zauriak eragin zizkien bi ertzaini: bati eskuan eta besteari hankan. Gainera, bi ertzainetako bati baja eman diote.
Lekukoei deklarazioa hartu ostean, gizonezko bat atxilotu zuten agintaritzaren aurkako atentatua egin izana leporatuta.