Gizartea -
Madril
30 pertsona zauritu dira, hiru larri, Arganda del Reyn izandako sute batean
Suteak hainbat leherketa eragin ditu. Lantegi kimiko batean jaso da ezbeharra. Lantegitik 500 metrora dauden eraikinak jendez hustu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Sutea eta hainbat leherketa izan dira eguerdian Arganda del Rey (Madril) herrian dagoen Requimsa izeneko lantegian. Madrilgo 112 larrialdietarako zerbitzuko kideek egindako azken balantzearen arabera, 30 pertsona zauritu dira eta hiruk zauri larriak dituzte.
Iturri horien esanetan, larri zauritutako hiru pertsonak eta beste 10 zauritu ospitaleetara eraman dituzte. Horiez gain, arin zauritutako beste bi pertsona tokian bertan artatu dituzte, eta beste 15 zauritu beren kabuz joan dira Argandako ospitalera eta dagoeneko sendagiria jaso dute. Zauritu larriei dagokienez, horietako batek pelbisa hautsi du eta beste biek erredura larriak dituzte gorputzeko hainbat tokitan, batez ere, bizkarrean. Larri zauritutako hiru lagunetako bi udaltzainak dira.
Ke zutabe handia sortu da —Toledotik ere ikus daiteke—, eta leherketak lantegitik gertu dagoen La Poveda auzo guztian sentitu dituzte.
Madrilgo Erkidegoko suhiltzaileak garrak kontrolpean hartzeko lanean ari dira. Oraindik ez dute kontrolatzea lortu, baina egoerak hobera egin dutela adierazi dute larrialdi zerbitzuek. Guillermo de Hita Arganda del Reyko alkateak adierazi duenez, oraingoz ez dute argitu sutea zerk eragin duen.
Madrilgo 112 larrialdietako zerbitzuaren arabera, Alcalako airearen kalitatea neurtzeko estazioaren arabera, maila ona da, eta ez dago toxikotasun arriskurik.
Lantegitik 500 metrora dauden eraikin guztiak jendez hustu dituzte. M-300 errepidea erabat itxi dute, eta enpresatik gertu dauden bost ikastetxeetan —bi institutu, bi eskola eta haurtzaindegi bat— zegoen jendea atera dute, badaezpada.
Leherketen hedatze uhinak bete-betean harrapatu du institutuetako bat, eta leihoak apurtu ditu. Ez da inor zauritu, baina hainbat gazte artatu behar izan dituzte antsietate krisiak jota.
Requimsa lantegiak hondakin arriskutsuak kudeatu eta disolbatzaileak tratatu eta berreskuratzeko lanak egiten ditu.