Gizartea -
Maiatzak 6
Bilbok Maiatzak 2ko Azokaren egun handia hartuko du larunbat honetan
Antolatzaileek egitarau zabala prestatu dute, eta Lamana eta Castillo Jeneralaren kaleak jendez beteko dira egun guztian zehar.
EITB.EUS
Larunbat honetan, maiatzak 6, Maiatzak 2ko Azokaren egun handia hartuko du Bilbok. Bertan mota guztietako produktuak aurkitzeko aukera egongo da, hala nola, eskuz egindako objektuak, liburuak, diskoak eta bigarren eskuko arropa. Gainera, lekura hurbiltzen diren pertsona guztiek tailerretan parte hartzeko edota DJ-ak entzuteko aukera izango dute. Halaber, Mazmorra talde bilbotarrak bere lehen kontzertua emango du, arratsaldean.
Antolatzaileek egitarau zabala prestatu dute, eta Lamana eta Castillo Jeneralaren kaleak jendez beteko dira egun guztian zehar. Ohitura denez, jarduera ugari prestatu dituzte, eta, zalantzarik gabe, aparteko giroa izango da nagusi. Ekitaldiak 11:00etan hasiko dira eta 20:00etan amaituko dira.
Castillo Jenerala kalean, Esto no es esparto! tailerrak emango dio hasiera egun horretarako antolatu dituzten ekitaldiei. Ordu erdi geroago, 11:30ean, Lamana kaleak flashmob bat hartuko du, Helena Golab eta Konpainiaren eskutik. 12:00etatik aurrera, Crazzy Jazzers jazz musika taldeak kaleak girotuko ditu, zuzeneko musika emankizunarekin.
Jarraian, 13:30ak aldera, ½ Alt Twin eta Feten Dj-ak Lamana kaleko oholtza gainera igoko dira. Bertan, hiru food truck egongo dira: Dando la Brasa, Tabe-Gozo eta Gelati! Gelati!.
Arratsaldean, 15:00etan, Mazmorra talde bilbotarrak lehen kontzertua emango du Castro Jenerala kalean. Jarraian, Chicks on Kicks DJ-ak igoko dira oholtzara, eta, 18:00ak aldera, Meneok amaiera emango dio aurtengo Maiatzak 2ko azokaren egun handiari.