Gizartea -
EAE-ko Auzitegi Nagusian
Bermeoko sutean kaltetutakoak eta aseguru-etxeak, epaitegietan
Euren etxebizitzetan kalteak eduki zituzten bizilagun batzuek aseguru etxeen kontra egin zuten, kalte-galeren erreklamazioa eskatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur hasi da 2013ko apirilaren 11n Bermeoko alde zaharrean izandako sutearen epaiketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Suak kalteak eragin zituen 12 eraikinetan, baita udaletxean ere. Hainbat herritarrek etxea galdu zuten.
Sutearen ardura nork duen argitzen ahaleginduko dira ahozko epaiketan, eta, hortaz, zein aseguru-etxeri dagokion ordaintzea.
Aseguru-etxeez gain, jaso dutena baino diru gehiago eman behar dietela pentsatzen duten hainbat kaltetu ere izan dira epaitegian.
Bizkaian azken 30 urteotan izandako suterik larriena izan zen Bermeokoa, eta hamabi eraikin kaltetu ziren: hiru guztiz suntsitzeaz gain, 70 bat pertsona etxerik gabe geratu ziren. Gainerako beste bederatzi eraikinak berreraikitzea eta konpontzea zazpi milioi euro kosta da.
Gaurko saioa hasi aurretik, Gorka Gomez kaltetutako etxebizitza baten jabeak hedabideei azaldu dienaren arabera, oraindik hipoteka ordaintzen jarraitzen du "jada ez dagoen etxe batengatik". Horrez gain, "beste etxe bat" erosi behar izan duenez, "mailegu hori ere ordaindu" behar du. 45.000 euro eskatu ditu, suntsitutako etxearen hipoteka ordaintzeko.
Sutea "Juan Nardiz kaleko 23 zenbakian hasi zela jakina dela" nabarmendu du Gomezek. Itxura zaharkitua zuen eraikinak eta beheko aldean taberna bat zuen.
Taberna hartako maizterrak ere lekukotza eman du gaurko saioan. 2013ko urtarrilean taberna alokatu zuela azaldu du, lokalean egindako aldaketa bakarra gas-berogailua aldatzea izan zela esateaz gain. Sutea izan zen gauean 22:30ean itxi zuela taberna baieztatu du, eta termo elektrikoa itzali zuela.