Gizartea -
Gipuzkoako Fiskaltzak
Fiskaltzak 'Euskalduna naiz, eta zu?' saioa ikertuko du
Izapideak abiatu ditu Espainiako Poliziaren sindikatuak, SUPek, salaketa jarri ostean. Hala ere, epaileak oraindik ez du auzia tramitera onartu.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltzak informazio-izapideak abiatu ditu ETB1-eko "Euskalduna naiz, eta zu?" saioaren harira. Espainiarren inguruko estereotipoez hitz egin zuten saio batean, eta polemika handia piztu zen.
Espainiako Poliziaren sindikatuak (SUP) jarritako salaketa bat dela eta jarri dute abian ikerketa. Poliziak uste du delitua egon zitekeela saio horretan, "giza eskubideen eta askatasun publikoen" kontrakoa, hain zuzen ere.
Apirilaren 3ko data duen fiskalaren dekretuan ETBri otsailaren 8ko saioa osorik helarazteko eskatu diote ETBri.
Gainera, saioa jaso ostean, itzulpen zerbitzuaren esku uzteko agindu du fiskalak, "transkripzio idatzia" edukitzeko eta "osorik" itzultzeko.
Aipatu saioan hainbat gonbidatu agertzen ziren, tartean kirolariak, aktoreak edo gizarte alorrekoak, eta espainiarrei buruzko estereotipoen inguruko galderak erantzun zituzten.
Adierazpen horiek, Internetez zabaldu ostean, polemika handia piztu zuten, eta kritika ugari jaso zituzten, Jaurlaritzarenak, hainbat alderdi politikorenak eta Covite terrorismoaren biktimen kolektiboarenak, besteak beste.