Gizartea -

Elikadura intoxikazioa

Bi intoxikatu arin Euskadin, histaminaz kutsatutako atuna jateagatik

Atun freskoa apirilaren 24tik maiatzaren 5era saldu dute EAEko saltokietan. Osasun Saila produktu hori merkatutik kentzeko lanetan ari da jada. 

Garciden enpresak saldutako atuna da kutsatuta dagoena. EiTB
Garciden enpresak saldutako atuna da kutsatuta dagoena. EiTB
Garciden enpresak saldutako atuna da kutsatuta dagoena. EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bi intoxikazio arin izan dira azken egunetan histaminaz kutsatutako atuna jan eta gero, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Jon Darponek zuzentzen duen sailak kontrol-neurriak hartu ditu jada produktua merkatutik benetan erretiratu dela egiaztatzeko.

Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (Aecosan) atzo jakinarazi zuen histaminak eragindako hainbat elikadura-intoxikazio hauteman zituela. 25 pertsona intoxikatu dira Andaluzian; 11, Madrilen; lau, Murtzian, eta bi, Euskadin.

Histaminaz kutsatutako atuna Almeriako Garciden enpresak merkaturatu zuen, freskoan hutsean ontziratuta. Kaltetutako loteak 170501, 170502, 170503, 170504, 170505 zenbakietatik hasten dira, eta apirilaren 24tik maiatzaren 5era bitartean saldu dituzte.

Histamina kopuru handia duten produktuak jan eta ordu erdira hasi ohi dira sintomak: eztarriko azkura, gorritasuna eta izerdia aurpegian, botalarria, buruko mina eta azaleko arazoak.

Elikagaiak manipulatzeko orduan garbitasun falta izateagatik agertu ohi da histamina. Arrainaren kasuan, txarto kontserbatzeagatik azaldu ohi da, denbora luzez tenperatura altuetan gordeta edukitzeagatik. Kozinatu arren, histamina ez da desagertzen, eta intoxikazioa eragiten du berdin-berdin.

Osasun Sailak kontrol-neurriak hartu ditu atun hori merkatutik erretiratzeko. Dena dela, adierazitako egunetan Almeriako Garciden enpresak saldutako atuna erosi eta oraindik kontsumitu ez badute, atun hori ez jateko gomendatu die herritarrei.

Bien bitartean, eta badaezpadako neurri gisa, Garciden enpresa itxi du Andaluziako Gobernuak, eta maiatzaren 1a eta 5a bitartean merkaturatutako lote guztietara zabaldu du alerta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Gizartea bideoak Eguneko albisteak Osasun albisteak gaur