Gizartea -
Epaia
Zigorra Iruñeko banku bateko langile bati, 500.000 euro bereganatzeagatik
Nafarroako Auzitegiak sei urteko kartzela zigorra eta 483.981,28 euroko isuna ezarri dio. Epaia ez da irmoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioko epaileak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio Iruñeko finantza erakunde bateko langile bati bezeroen diruaz —483.981,28 euro— jabetzeagatik.
Epailearen esanetan, frogatuta dago akusatuak bezeroen kontu korronteetatik diru kantitate handiak atera zituela, bankuko langilea zela eta bezeroen erabateko konfiantza zuela baliatuta, epaian jaso duenez.
Operazio horien egiaztagiriak sinatzera behartzen zituen bezeroak, benetan zer sinatzen ari ziren jakin gabe. Gero, langileak diru hori bere egiten zuen edota familiaren sozietate batera bideratzen zuen.
Bankuko auditoreek "irregulartasunak" antzeman zituzten langilearen jardueran, eta 2015eko martxoaren 31n elkarrizketa bat izan zuten berarekin. Elkarrizketaren ondoren, dirua utzi ziela onartuz dokumentu bat sinatzeko eskatu zien akusatuak kaltetutako bezeroei. Epaiaren arabera, bezero gehienek dokumentua sinatu zuten.
Gerora, bezeroek ukatu egin zuten bai finantza erakundearen aurrean bai instrukzio epailearen aurrean dirua maileguan eman izana.
Hori guztia dela eta, epaileak sei urteko kartzela zigorra jarri dio maula delitu jarraitu bat egin izana egotzita, eta 483.981,28 euroko kalte-ordaina eman beharko dio finantza erakundeari. Dena den, epaia ez da irmoa, eta aldeek kasazioko errekurtsoa aurkez dezakete oraindik Auzitegi Gorenean.