Gizartea -

Proiektua

Bilbao Sea Park, Itsas Museoaren ondoan egin nahi duten parke tematikoa

Jatetxeak, diskoteka bat, itsas parke bat, spa bat, eta hotel bat izango lituzkeen itsasontzi iraunkor horrek 100 metro  baino gehiagoko luzera izango luke.

Bilbao Sea Park. Argazkia: Oliver Design
Bilbao Sea Park. Argazkia: Oliver Design
Bilbao Sea Park. Argazkia: Oliver Design

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Itsas Museoaren ondoan ur gaineko parke tematiko erraldoi bat sortzeko proiektu bat aurkeztu du Getxoko Oliver Design arkitektura eta diseinu etxeak. Zehazki, San Mames Barria eta Zorrotzaurre artean eraikiko lukete itsasontzi iraunkor hori, eta bestelako zerbitzuak hartuko lituzke bere baitan: jatetxeak, diskoteka bat, itsas parke bat, spa bat eta hotel bat. Itsasontziak 100 metro baino gehiagoko luzera izango luke, eta turista gehiago erakartzeaz gain aisiarekin lotutako jarduera ugari hartzeko aukera emango luke.

Bilbao Sea Park proiektuaren sortzaileek jakitera eman dutenez, itsasontzi horrek 120 metroko luzera izango luke eta Itsas Museoaren kanpoaldean jarriko lukete. Dena dela, ez litzateke itsasontzi arrunt bat izango, behin betirako bertan geratzea baita xede nagusia. Gaur egun hasierako fasean dagoen proiektua da, baina aisialdiarekin eta turismoarekin lotutako ekintza desberdinak hartzeko helburua du.

Jaime Oliver proiektuaren sortzaileak eta Oliver Design enpresako zuzendari exekutiboak azaldu duenez, bisitari gehiago erakartzeko diseinu berezia izango lukeen parke tematikoa izango litzateke.

Itsasontzi horrek izango lituzkeen neurriak kontuan izanik, bere baitan hotel bat hartzeko ahalmena izango luke. Horrez gain,  jatetxeak, diskoteka bat, ur-parke bat, aquarium bat, spa bat eta kirolarekin lotutako jarduerak hartuko lituzke.

Proiektu horren sortzailearen esanetan, “ingurumenak, ekologiak eta jasangarritasunak berebiziko garrantzia" izango lukete Bilbao Sea Park egitasmoaren baitan. Gauzak horrela, estalkian berdegunea izango litzateke nagusi, nolanahi ere gertu dagoen Casilda Iturrizar parkearen jarraipena izateko.

Gainera, euria bildu eta ur hori berrerabiltzeko sistema bat izan lezake. Halaber, eguzki-panelak eta panel fotovoltaikoak jartzea aurreikusi du sortzaileak. Instalazio horien bidez, parke tematikoak behar duen energia elektrikoa sortzea da asmoa.

Oliverren hitzetan, Bilbao Sea Park bezalako proiektuetan kontuan hartu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat lanpostuen sorrera da. Bere esanetan, Euskal Herriko ontzioletan egin daiteke itsasontzia, eta, ondorioz, lanpostu ugari sortu ahal izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Itsasadarra Bilbao Bilbo Zer gertatu da gaur Bizkaian? Turismoa Euskadi albisteak EAE albisteak Bilboko Portua Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa