Gizartea -
Modak
Fidget Spinner, umeek eta nerabeek erosi nahi duten jostailu berria
Emakume batek duela hogei urte inguru sortu zuen gaur egun modan dagoen tresna hori, nolanahi ere, bakea irudikatzeko asmoz.
EITB.EUS
Fidget Spinner du izena, eta nazioartean ume guztiek erosi nahi duten jostailu berria bihurtu da jada. Ikasleak atsedenaldia noiz iritsiko zain daude, modan dagoen tresna berria atera eta lagunekin jolasteko. Umeek gurasoei behin eta berriro eskatzen dieten jostailua da, eta, nerabe askoren kasuan, dagoeneko punta-puntako jokalariak daude.
Estresaren kontrako tresna hori azken asteotan modan jarri bada ere, duela bi hamarkada baino gehiago asmatu zuten.
Spinner izenarekin ezagun egin den jostailuak hiruki moduan kokatuta dauden hiru helize ditu. Esku batekin mugiarazten da, eta tresna horren muinak bere horretan bira egiten du.
Hauxe da jostailuaren xarma nagusia: behin eta berriro biraraztea. Eta listo. Alabaina, nerabe askok jostailua esku batetik bestera pasatzea, atzamarraren puntan biraraztea edota ukondoan jartzea lortu dute. Erronka horretan datza: jostailua lekuz aldatzean mugimenduan jarraitu behar du. Hala, XXI. mendeko ziba balitz erabiltzen dute nerabe askok, eta sare sozialetan trikimailuak egiteko azalpenak emateaz gaien haiek grabatutako erakusketak zabaltzen dituzte.
Emakume batek duela hogei urte inguru sortu zuen tresna hori, nolanahi ere, bakea irudikatzeko asmoz.
Batik bat estresaren kontrako jostailua dela dioten arren, denda askotan bestelako kasu batzuetan ere lagungarri suerta litekeela diote, hala nola, depresioari aurre egiteko, autismoa pairatzen dutenekin elkarri eragiteko, estutasuna alde batera uzteko edota defizit arreta pairatzen dutenei onura egiteko. Izan ere, arreta gaitasuna indartzeko balio duela iritzita saltzen dute dendari askok.
Dena dela, gaur egun modan jarri den jostailua da. Arrazoi horregatik, ikastola askotan ikasleek tramankulu txiki hori debekatu behar izan dute, birarazten den bakoitzean abiadura handia hartu eta zarata ateratzen baitu.
Aditu askoren esanetan, une honetan modan dagoen jolas bat besterik ez da, eta, aurretik, Rubiken kuboarekin edota zibarekin gertatu bezala, egunen batean armairuan ahaztu eta denen begi bistatik desagertu egingo da.