Gizartea -
Sare pribatua pedofiloentzat
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen haur-pornografia sarean partekatzeagatik
Suitzan, sare pribatu baten kide zen gizon bat atxilotu eta sare horretako erabiltzaile guztiak identifikatu zituzten, besteak beste, Gasteizen atxilotutako gizona.
agentziak | erredakzioa
Polizia Nazionalak gizon bat atxilotu du gaur, osteguna, Gasteizen, adingabeei egindako sexu-abusuekin zerikusia zuten bideoak eta argazkiak elkarbanatzeagatik, interneten artxiboak partekatzeko sare pribatu baten bidez.
Ikerketa Suitzan egindako atxiloketa baten ondotik abiatu zuten. Orduan atxilotutako pertsona hori aipatutako sareko erabiltzailea zen eta, horri esker, Suitzako Poliziak sare horretako kide guztiak identifikatu ahal izan zituen, besteak beste, Gasteizen gaur atxilotutako gizona.
Interpolen bidez, ikertzaile suitzarrek informazioa helarazi zioten Polizia Nazionalari, eta horrek Gasteizko gizon bat identifikatu zuen, materiala pedofiloa sare horren bidez elkarbanatzen zuena.
Agenteek deskubritu zuten, 2016ko maiatzean, susmagarri horrek perfila sortu zuela sarean, eta bere etxebizitza miatu zuten. Operazio horretan, Poliziak ordenagailu mugikor bat eta disko gogor bat atzeman zuen.
Hala, ikertzaileek jakin dute atxilotuak materiala "kontsumitu" eta ondoren ezabatzen zuela, bere familiako kideren bat partekatzen zituen bideo eta argazkiak deskubrituko zituen beldur.
Polizia Nazionaleko Ikerketa Teknologikoaren Unitateko agenteak Gasteizen atxilotu duten gizon honen perfila aztertzen ari dira orain, mundu osoan hedatuta dagoen sare horretako kide gehiago identifikatzeko asmoz.
Atxilotuak erabiltzen zuen programaren bidez, modu pribatuan eta azkarrean partekatu zitzakeen edozein tamainako artxiboak, konfiantzazko erabiltzaileekin, sare pribatuen bidez. Sareko kide izateko, beste kide baten gonbidapena jaso behar dute pedofiloek.
Kide izateko baimena jaso ondoren, partekatutako karpetak araka eta nahi beste artxibo kopia ditzakete.
Gainera, sare horrek artxiboak zifratu egiten ditu, eta pasahitz baten bidez babestu, Poliziak ez deskubritzeko segurtasun neurri gisa.
Horregatik guztiagatik erabiltzen dituzte pedofiloek eta pederastek horren moduko sareak argazkiak eta bideoak elkarbanatzeko, sistemak anonimotasuna eta konfidentzialtasuna ahalbidetzen dielako.