Gizartea -
Gertaera
Bi lagun salatu dituzte Iruñean, auto lasterketa batean parte hartzeagatik
Bi autoak abiadura handian zihoazen Gipuzkoa etorbidetik. 25 eta 27 urteko bi gidariek positibo eman dute jarraian egindako alkoholemia proban.
Agentziak | Erredakzioa
Udaltzaingoak legez kanpoko lasterketa batean parte hartzen ari ziren bi auto atzeman ditu goizalde honetan Iruñean. Bi gidariei autoak gelditzeko agindu ostean alkoholemia proba egin diete, eta bi lagunek positibo eman dute.
Goizaldean izan da legez kanpoko lehiaketa hori, Gipuzkoa etorbidean. Abiadura handian zihoazen gama altuko bi auto atzeman dituzte udaltzainek. Gainera, ibilgailu baten gidariak gorputzaren zati bat autotik kanpo zeraman.
Hala, udaltzainek bi autoak geldiarazi ondoren, alkoholemia proba egin diete 25 eta 27 urteko bi gidariei.
Orduan, legez kanpoko auto lasterketa batean parte hartzeagatik eta udaltzainen aginduei kasu egin ez izateagatik bi gidariak salatu dituzte. Gauzak horrela, gidabaimeneko 14 puntu galduko ditu bakoitzak, eta dagokion isuna ordaindu beharko du.