Gizartea -
Neurri berriak
Alkohol eta droga probetan gidabaimena galdutakoek tratamendua beharko dute
Substantzia horiekiko menpekotasuna duten argitzeko osasun-zerbitzura jo beharko dute. Bertan proba bat egingo dute gidabaimena berreskuratu aurretik.
Agentziak | Erredakzioa
Alkoholemia edota droga probetan gidabaimena galtzen duten gidariek osasun-zerbitzura jo beharko dute substantzia horiekiko menpekotasuna duten argitzeko eta gidabaimena berreskuratu ahal izateko.
Espainiako Barne Ministroak lehenbailehen indarrean jartzeko asmoa duen neurri bat da hori, alkohola edota drogak kontsumitu ondoren autoa hartu duten gidarien heriotza saihestea helburu duena.
Juan Ignacio Zoido Barne ministroak astearte honetan azaldu duenez, alkoholaren edota drogen eraginpean gidatzeagatik gidabaimena galtzen duten pertsona guztiek tratamendua jaso beharko dute. Hala, gidari horiei proba batzuk egingo dizkiete substantzia horiekiko menpekotasuna duten argitzeko.
Zoidoren esanetan, errepideetan txirrindularien segurtasuna handitzea da neurri horren helburu nagusia. Halaber, errepide arruntetan trafiko-istripu gutxiago izatea espero dute. Errepideetan seinale gehiago jartzeaz gain, alkoholemia eta droga proba gehiago egingo dituzte. Gainera, azken urteotan izandako trafiko-istripuen gaineko ikerketa sakon bat egingo dutela azaldu du Barne ministroak.
2015. urtean, 58 txirrindulari hil ziren errepideetan (2014an baino hamazazpi gutxiago). Aurtengo datuei dagokienez, herriz kanpoko errepideetan 18 txirrindulari hil dira jada (iaz baino hiru gehiago).