Gizartea -
Okzitania
Landetan zeuden 160 tximino hil dituzte birus bati aurre egiteko
Animaliak pertsonaren bati kosk eginez gero, arazo neurologiko larriak eragiteko arriskua omen zegoen.
eitb.eus
160 tximino akabatu dituzte Okzitaniako Landetan dagoen parke batean, gizakientzat arriskutsua den birus bat zutelako, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Animaliak pertsonaren bati kosk eginez gero, arazo neurologiko larriak eragiteko arriskua omen zegoen, eta horregatik hartu dute muturreko neurri hori.
Urtebete inguru zeraman itxita Baionatik 13 kilometrora dagoen Labenne herriko "La Pinede des Singes" parkeak.
Makakoei egindako azterketetan MaHV1 birusa pairatzen zutela ikusi ahal izan da, eta prefetak horren ostean hartu du erabakia. Birus horrek Herpes mota larri bat eragin diezaieke gizakiei, eta agintarien arabera, "arrisku neurologiko larriak" dakartza.
Guztira 156 makako hil dituzte, eta agintarien esanetan, animaliak oso egoera txarrean zeuden, berogailurik gabeko edukiontzietan sartuta.