Gizartea -
Datuak
Euskadiko gazteak 30 urterekin joaten dira gurasoen etxetik
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak adin hori gutxitzeko beharra adierazi du, Europako berantiarrena baita.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko gazteak, batezbeste, ez dira gurasoen etxetik joaten 30 urte bete arte; hortaz, Europako berantiarrenak dira, ohiko batezbestekoa 26,1 urtekoa baita. Hori dela eta, Euskadiko gazteen emantzipaziorako adina gutxitu behar dela nabarmendu du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak. Hala, etxebizitzen prezioa gutxitzen eta enplegua areagotzen lagunduko duten neurriak bultzatu behar direla aipatu du.
Artolazabalek III. Gazte Plana 2014-2016 txostena aztertu du gaur, Eusko legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteriaren Batzordean, baita Euskadiko gazteen 2017ko diagnostikoa ere.
Agerraldian, IV. Gazte Plana 2017-2020 egiteko balioko duen 'Euskadiko Gazteriaren Egoeraren Diagnostikoa'ren datuak jakinarazi ditu. Txosten horren arabera, gazteek 30 urte dituzten arte ez dute gurasoen etxea uzten. Dena den, ondoren zehaztu duenez, 30 eta 34 urte arteko euskal gazteen % 75,3 gurasoen etxetik kanpo bizi da.
Datu horiek ikusita, sailburuak adin hori gutxitzeko beharra adierazi du. Beraz, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, etxebizitzen prezioa gutxitzeko eta enplegua sustatzeko neurriak hartuko dituela iragarri du Artolazabalek, "ezinbestekoak baitira gazteek emantzipatzea lortzeko".
Eusko Jaurlaritzaren neurriak
"Legegintzaldi honetan 20.000 gaztek lehen lan esperientzia izatea" lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak, baita langabezia tasa % 10 baino baxuagoa izatea ere.
Zentzu horretan, Enplegu eta Gizarte Politika sailak gazteentzako enplegu programak dituela azpimarratu du: hezkuntzatik enplegura igarotzeko plana, esaterako. 3 milioi euro baliatuko dituzte, 1.500 bat gazteri laguntzeko asmoz.