Gizartea -
Lanbide-heziketa
Zibersegurtasuneko eta fabrikazio aurreratuko ikasketak, Lanbide Heziketan
Egun existitzen ez diren baina bizpahiru urtetan beharrezkoak izango diren lanpostuetarako ikasketak eskainiko dituzte Lanbide Heziketan datorren ikasturtean.
Agentziak | Erredakzioa
Datorren ikasturtean, Lanbide Heziketan egun existitzen ez diren lanpostuetarako ikasketak eskainiko dituzte, hala nola, zibersegurtasuna eta fabrikazio aurreratua.
Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiak Lanbide Heziketa Dualaren garapenaz aritu dira gaur Bilbon.
Arevalok esan du Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketa eredua "erreferentea" dela Europan, emaitzak ematen dituela eta Euskadiko enpresen beharrizanetara "asko egokitzen" dela.
Ildo horretan, azpimarratu du euskal sistema orain arte hiru urteko atzerapenarekin zihoala enpresen eskaerei erantzuterakoan, baina datorren ikasturtean lehen aldiz eskainiko dituztela oraindik existitzen ez diren enpleguetarako titulazioak (zibersegurtasuna eta fabrikazio aurreratua, esaterako), baina 2019an edo 2020an eskatuko direnak.
Lanbide Heziketako ikasleek euren zentroetan jasotzen dituzte klaseak, baina ondoren 6-8 orduko lanaldiak egiten dituzte enpresetan eta 579 eta 797 euro kobratzen dituzte, hurrenez hurren.
"Eredu hori oso gogorra da, baina elitea dira eta enplegua bermatuta dute", erantsi du Confebaskeko zuzendariak.
Joan den ikasturtean 1.218 ikaslek hartu zuten parte Lanbide Heziketa Dualean, 739 enpresa ezberdinetan lan eginda. Helburua da 2020an 7.000 ikasle izatea eta horrek 5.000 enpresak eredu honekin bat egitea eskatuko du.