Gizartea -
Bizkaia
Homizidioagatik zigortuko dute Zornotzan polizia ohi bat hil zuen gizona
Herri epaimahaiak homizidioagatik jo du errudun, eta Fiskaltzak 13 urte eta erdiko zigorra eskatu du; akusazio partikularrak, berriz, 15 urteko zigorra nahi du akusatuarentzat.
agentziak | erredakzioa
Herri epaimahaiak homizidio delituagatik jo du errudun Zornotzan (Bizkaia) Espainiako polizia ohi bat hil zuen gizonezkoa. Nagusitasun fisikoaz baliatzeagatik larrigarria ezarri diote, gainera.
Gaur arratsaldean irakurri dute Bizkaiko Auzitegian 2015eko irailaren 17an izandako krimenaren inguruan herri epaimahaiak hartu duen erabakia. 37 urteko gizonezkoak biktimaren baratzean hil zuen 61 urteko polizia ohia.
Epaimahaia osatzen zuten kideen eztabaidaren ostean, gehiengoak homizidioaren alde egin du.
Erabakiaren berri jaso duenean, Fiskaltzak 13 urtetik 13 urte eta erdira igo du zigor eskaera; akusazio partikularrak, berriz, zigor handiena eskatu du, 15 urte; eta defentsak, txikiena, 10 urte.
Epaiketan akusatuak aitortu egin zuen biktima jipoitu zuela, baina defendatzeko egin zuela argudiatu zuen, elkar joka hasi eta biktimak pistola erabil zezakeela uste baitzuen.