Gizartea -

Nafarroa

Hiru adingabe atxilotu, Corellako institutuaren atarian borrokatu ostean

Adingabe bati sudurra eta atzamar bat apurtu, eta bekainean ebakia egin diote. Guztira bost salaketa aurkeztu dituzte. Adingabeen Fiskaltzaren aurrean agertu beharko dute.

Zuzendaritzak bilera deitu du irakasle, ikasle, Foruzaingo eta gurasoen artean. Argazkia: Google
Zuzendaritzak bilera deitu du irakasle, ikasle, Foruzaingo eta gurasoen artean. Argazkia: Google
Zuzendaritzak bilera deitu du irakasle, ikasle, Foruzaingo eta gurasoen artean. Argazkia: Google

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak hiru adingabe atxilotu ditu lesioak egitea leporatuta, beste bati sudur-trenkada eta atzamar bat apurtu, eta bekainean ebaki bat eragin ostean, Correllako (Nafarroa) institutuaren atarian izan den liskar batean.

Hala adierazi du Foruzaingoak ohar baten bidez. Gaineratu duenez, biktimak (17 urte) Hiritarraren Arretarako Bulego batean salaketa aurkeztu zuelako jaso zuten gertatutakoaren berri.

Biktimaren arabera, Corellako institutuaren atarian lagun baten zain zegoela, adingabe batek buruarekin jo zuen sudurrean, hitzik esan gabe, eta sudur-trenkada hautsi zion. Gainera, eraso egiten jarraitu zuen, eta atzamar bat apurtu zion eta bekainean zauria eragin.

Ondoren, elkarrekin sesioan hasi zirenean, erasotzailearen anaia heldu zen, eta berak ere eraso zion biktimari.

Atxilotuetako bi, 15 eta 17 urtekoak, Fiteroko bizilagunak dira, eta hirugarrena, 17 urtekoa, Corellakoa da. Azken hori bitartekari lanak egiten saiatu zen, eta lesio arinak eragitea egotzi diote.

Borroka hasi zutenen lagunak ere nahasi ziren borrokan, eta agenteek guztiak identifikatu dituzte jada.

Institutuan lan egiten duten irakasle batzuek baretu zuten liskarra, eta horiek izan ziren erasoa jasan zuen gaztea artatzen lehenak. Edonola ere, Corellako osasun etxera joan behar izan zuen geroago, eta, handik, Tuterako Sofia Erregina Ospitalera.

Salaketan emandako datuei esker, eta bederatzi lekukorekin hitz egin ondoren, erasoan parte hartu omen zuten gazteak identifikatu eta atxilotu zituzten jarraian, lesio delitua leporatuta.

Atxilotuei, gainera, kalteak egitea ere egotzi diete, erasoan biktimaren telefonoa apurtu baitzuten. Guztira, bi aldeek bost salaketa aurkeztu zituzten.

Gertatutakoaren larritasunaren aurrean, Corellako institutuko zuzendaritzak irakasle, guraso, ikasle eta Foruzaingoa bildu zituen, bilera egiteko, egoera bideratu, liskar gehiago saihestu eta Adingabearen Legearen ikuspuntutik halakoek dituzten ondorioak azaltzeko.

Halaber, Udaltzaingoaren eta Foruzaingoaren autoen presentzia areagotu egin dute klaseak hasi eta bukatzen diren orduetan, horrelakorik berriro gerta ez dadin.

Salaketak bideratu ondoren, atxilotuak aske utzi zituzten tutoreen zaintzapean, baina Adingabeen Fiskaltzarengana jo beharko dute laster, hori ari baita auziaren instrukzioa egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Tutera argazkiak Salaketak argazkiak Gaurko azken ordukoa Corella albisteak