Gizartea -
Trafikoa
Lau pertsona zauritu dira A-8an, Bilbon, bost autoren arteko istripuan
Ilarak sortu dira Donostiako noranzkoan. Horrez gain, motor gidari bat larri zauritu da BI-3447 errepidean, Amoroton (Bizkaia).
EITB.EUs
Lau pertsona zauritu dira gaur A-8an, Bilbo parean, bost autoren artean izandako istripu batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Ezbeharraren ondorioz, pilaketak sortu dira Donostiako noranzkoan.
Istripua 07:00etan jazo da, autobide horren 113. kilometroan. Ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, bost ibilgailuk talka egin dute, eta lau lagun zauritu dira.
08:15ean, ibilgailuak galtzadan zeuden oraindik. Ondorioz, ilarak sortu dira inguru horretan, Donostiako noranzkoan.
Bestalde, motor gidari bat larri zauritu da BI-3447 errepidean Amoroton, Gizaburuagako noranzkoan (Bizkaia), bidetik aterata. Errepidea itxi behar izan dute.
Hain ondorio larririk izan ez duen arren, beste bi istripu izan dira BI-637 errepidean, Leioan, Bilboko noranzkoan. Lehen txapa istripua 07:20an izan da, eta bigarrena, hamar minutu geroago. Horien ondorioz ere, auto ilarak sortu dira.