Gizartea -
Istripua
Getxon zauritutako hiru nerabeetatik batek ospitalean jarraitzen du
Ebakuntza egin diote bart. Erietxean zegoen besteari, 13 urtekoari, goizean eman diote senda-agiria.
Agentziak | Erredakzioa
Getxon 3,5 metroko altueratik jausita zauritu ziren hiru nerabeetatik batek Gurutzetako Ospitalean jarraitzen du, Osakidetzak emandako azken datuen arabera.
Atzotik erietxean zegoen 13 urteko nerabeari gaur goizean eman diote senda-agiria.
Ospitalean jarraitzen duen 15 urteko neskatoak burezurreko traumatismo arina du, eta bart ebakuntza egin diote, hematoma epidural bat kentzeko. Ebakuntza ondo atera da, eta bilakaera egokia ari da edukitzen. Dena dela, pronostiko erreserbatua du.
Ezbeharra asteazkeneko 11:15ean jazo zen. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, udaletxe aurreko metalezko barandaren zati bat askatu zen, eta horren kontra zeuden hiru nerabe (15 urteko bat eta 13 urteko bi) 3,5 metro inguruko altueratik jausi ziren.
Zauritutako hiru nerabeak Azkorri ikastetxeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleak dira. 'Birzikla' ingurumen lehiaketaren sari banaketan parte hartzera joan ziren udaletxera, beste hainbat ikastetxetako neska-mutikoekin batera.
Ikerketa, abian
Getxoko Udalak ikerketa abiatu zuen atzo istripua zerk eragin zuen argitzeko. Imanol Landa Getxoko alkatearen hitzetan, "zerbaitek kale egin du, eta udal teknikariak hori zehaztu nahian dabiltza".
Udaltzaingoa txostena egiten ari da.