Gizartea -
Indarkeria kirolean
Eraso egin diote Eibar eta Elgoibarko Futbol 7 txapelketako epaile bati
Jokalari batek ostikada eman zion aurpegian eta, konortea galdu ostean, ospitaleratu egin behar zuten. Epaileak salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jokalari batek epaile bati eraso egin zion pasa den asteazkenean Eibar eta Elgoibarko Futbol 7 txapelketan. Erasoaren ondoren, konortea galdu zuen eta ospitaleratu egin behar izan zuten.
Txapelketaren antolatzaile diren Elgoibarko eta Eibarko Kirol Patronatuek adierazi dutenez, erasoa asteazkenean gertatu zen Eibarko Unbe kiroldegian Sobras Crew eta La Roita taldeen arteko futbol partidan.
Epaileak Sobras Crew taldeko jokalari bat egotzi zuen araudiaren kontrako ekintza bat egiteagatik eta, ondoren, egotzitako jokalariak ostikada bat eman zion aurpegian 18 urteko Aritz Iriondo epaileari. Hasiera batean konortea galdu zuen eta anbulantzian Mendaroko ospitalera eraman behar izan zuten. Dena den, gaua behaketan igaro ostean atzo goizean sendagiria eman zioten. Epaileak salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean eta erasoaren ondoren aurrerantzean haurren partidak bakarrik epaitzea erabaki du.
Erasoaren ostean, antolatzaileek Sobras Crew taldea txapelketatik kanporatu dute. Bestalde, txapelketan parte hartzen ari ziren zortzi taldek lehiatzeari uko egin diote. Antolatzaileek bilera egingo dute gaur arratsaldean talde parte hartzaileekin txapelketarekin aurrera jarraitu ala ez erabakitzeko.
Atzorako deituta zeuden partidak bertan behera utzi zituzten erasotutako epaileari babesa eskaintzeko eta erasoa gaitzesteko.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, Ertzaintzak izapideak abiatu ditu gertaturikoa argitzeko.