Gizartea -
Ikerketa zabaldu dute
Emakume batek hanka galdu du Sopuertan izandako istripu batean
Auto batek eta motor batek istripua izan zuten BI-2710 errepidean, eta motorrean zihoazen bi pertsonak larri zauritu ziren. Autoaren gidaria inputatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Sopuertan (Bizkaia) atzo iluntzean auto batek eta motor batek izandako istripua ikertzen ari da Ertzaintza, Segurtasun Sailak gaur ohar batean jakinarazi duenez. Ezbeharraren ondorioz, motorrean zihoan emakume batek hanka galdu du.
Ikerketa abiatzeaz gain, Bizkaiko Trafiko Unitateak autoaren gidaria inputatu du zuhurtziagabetasun larriz jokatuta lesio delitua egin izana egotzita.
Ezbeharra 20:30ean jazo zen, BI-2701 errepideko bidegurutze batean, Sopuerta parean. Auto batek eta motor batek elkar jo zuten, eta motorrean zihoazen bi pertsonak (40 urteko gizon bat eta 38 urteko emakume bat) larri zauritu ziren. Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten biak.
Zauri larri horien ondorioz, emakumeak hanka galdu du.
Atestatuaren emaitza Balmasedako epaitegiaren esku utziko ditu Ertzaintzak.
201 km/h-ko abiaduran, AP-8tik
Bestalde, AP-8 autobidetik abiadura bizian zihoan 27 urteko gidari baten kontrako izapideak abiatu ditu Bizkaiko Trafiko Unitateak, bideko segurtasunaren kontrako delitua egotzita.
Autobide horretan Barakaldon dagoen radar finko batek 201 km/h-ko abiaduran atzeman zuen Irungo noranzkoan zihoan Seat Ibiza bat, gehienez ere 100 km/h-ko abiaduran joan daitekeen zati batean.
Arau-haustea larunbatean egin zuen gidariak, 01:00a aldera.