Gizartea -
Polizia-operazioa
Atxilotzeak egin dituzte Bilbon, emakumezkoen salerosketa egotzita
Madrilen bizi den emakume nigeriar batek gidatzen zuen sarea. Europara heltzean, prostituziora eta lapurreta txikiak egitera behartzen zituzten emakumeak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Polizia Nazionalak sexualki esplotatzeko asmoz nigeriar emakumezkoak salerosten zituen sare bat desegin du, eta 18 lagun atxilotu ditu Estatuko hainbat hiritan, tartean Bilbon. Sarea Espainian, Italian, Alemanian eta Belgikan aritzen zen, eta Poliziak antolakuntza hori desegintzat eman du.
Hain zuzen ere, Madrilen, Tenerifen, Bilbon, Caceresen eta Benidormen (Alacant) burutu dute polizia-operazioa. Nigeriako emakumeak indarra erabiliz ekartzen zituzten Europara, eta budu errituen bidez makurrarazten zituzten haien nahietara aritzeko, Espainiako Polizia Nazionalak ohar baten bidez azaldu duenez.
Europara heltzen zirenean, gehienbat prostituziora eta kalean lapurreta txikiak egitera behartzen zituzten emakumeak.
Antolakuntzak Nigeriako emakumeak bildu eta oso baldintza kaskarretan eramaten zituzten Libiara. Jarraian, ontzi prekarioak hartu eta Italia zeharkatu ostean Espainiara hegazkinez heltzen ziren.
Espainiako Polizia Nazionalaren esanetan, Alcala de Henares (Madril) udalerrian bizi den emakume nigeriar batek gidatzen zuen antolakuntza hori. Nigeriatik etorritako emakumeei Espainian asilo-eskaera egin zezaten agintzen zien, epe luzez bertan gelditzeko asmoz.