Gizartea -

IKERLANA

Euskara ez zen kode gisa erabili II. Mundu Gerran, ikerketa baten arabera

Hala defendatzen dute bi euskal historialarik Sancho de Beurko Elkartearen aldizkari digitalean argitaratu berri duten ikerlanean.

'Saibigain' aldizkariaren azken alearen azala.
'Saibigain' aldizkariaren azken alearen azala.
'Saibigain' aldizkariaren azken alearen azala.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Basque code talkers en la Segunda Guerra Mundial" izenburupean argitaratu berri den ikerlanaren arabera, "euskal jatorria omen zuten soldadu estatubatuarrez osaturiko inongo unitatek ez zuen euskara hizkuntza kodetu gisa erabili Bigarren Mundu Gerran jazo zen Guadalcanaleko guduan (1942-1943)".

Aipatu lana Pedro J. Oiarzabal (Historian doktoreduna Deustuko Unibertsitatean) eta Guillermo Tabernilla (Sancho de Beurko Elkarteko kidea) ikerlariek plazaratu dute Sancho de Beurko Elkartearen Saibigain aldizkari digitalean.

Bi egileen esanetan, "Bigarren Mundu Gerran AEBko armadak euskara kodetutako hizkuntza gisa erabili izan zuenaren ideia oso hedatuta egon da 65 urtez".

Aitzitik, Oiarzabalek eta Tabernillak baieztatzen dutenez, euren lanetik argi ondorioztatzen da "gertaera hori faltsua izan zela, eta baita Frank Carranza izeneko kapitainak jokatu zuen papera ere". Orain arteko usteen arabera, Carranza litzateke euskararen ustezko erabilera militar horren bultzatzailea.

Hartara, historiagile bien ustez, "mito" horren sorreraren oinarrian "erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzako zerbitzu sekretuen eta CIAren aurrekaria izan zen AEBko Zerbitzu Estrategikoen Bulegoaren arteko harreman konplexuak" egongo lirateke.

Aldi berean, ikerlanaren beste adar batek adierazten duenez, sasoi horretan Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea zen Jesus Maria Leizaolak "espioi lanak egin zituen Erresuma Batuarentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Albiste xelebreak Gizartea Gaurko azken ordukoa Albiste faltsuak