Gizartea -

Lan-istripua

Garraiolari bat hil da Muxikan, kamioia husten ari zenean

Biktima Zornotzako Transportes Agirre konpainiako behargina da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garraiolari bat hil da Muxikan (Bizkaia) izandako lan-istripu ez traumatiko batean, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Kamioia husten ari zenean gertatu da ezbeharra. Biktima Zornotzako Transportes Agirre konpainiako behargina da.

LABek gogora ekarri du aurten jada gutxienez 31 langile hil direla Hego Euskal Herrian: Araban 3, Bizkaian 11, Gipuzkoan 12 eta 5 Foru erkidegoan.

Beste sektore askotan bezala, garraiolarien "lan-baldintzak gero eta okerragoak" direla salatu du sindikatuak. "Garraiolariek ez dute babes sozial egokirik lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurrean eta, gainera, gisa honetako lan-istripu asko ez dira estatistika ofizialetan zenbatzen".

"Istripuak traumatikoak izan edo ez, garraiolarien sektorea erregularizatu gabe dago eta horren ondorio dira pairatzen dituzten istripuak", azaldu du LABek.

"Lanpostuari eusteko, enpresa zamaketariaren presioak sufritzen dituzte, presak, ordutegi zorrotzak, gehiegizko zamak, zerbitzuengatiko prezio baxuak, lanaldi luzeak eta atseden duin bat izateko aukera eza", salatu du.

Horrek guztiak garraiolarien bizia arriskuan jartzen duela eta jarduera segurtasunez eta duintasunez egitea galarazten duela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Amorebieta-Etxano berriak Lana albisteak Gaurko azken orduko albistea