Itxi

2017/06/30

09:27

Gizartea

San Martzial eguna

Ehunka pertsonak babesa agertu diote Alarde parekideari Irunen

O.A. | EITB.EUS

Aurreko urteetan bezala, Irungo alkateak gizonen alardeari baino ez dio harrera egin. Arartekoak, Emakundek eta beste hainbat alderdi politikok, ordea, babesa erakutsi diote parekideari.

1:27
Alarde mistoa Irunen
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Festa-giroa da nagusi gaur Irunen, San Martzial egunean. Jaietako egun handian, alarde parekideak eta 'Betikoa'k (emakumeak baztertzen dituena) herriko kaleak zeharkatu dituzte, bakoitzak bere aldetik, eta gorriz, zuriz eta beltzez jantzi dituzte Irungo bazterrak.

Gizonez bakarrik osatutako 'Betiko Alardea' (emakumeek kantinera gisa baino ezin dute parte hartu bertan; ez soldadu gisa) izan da irteten lehena, 07:45ean, euripean. Alarde hori 19 konpainiaz osatuta dago, bakoitzak bere kantinera du, eta 8.000 soldadu biltzen ditu. Juan Jose Martinez gastadoreen buruak Urdanibiatik Donibane plazara, udaletxe albora, eraman ditu soldaduak. Bertan, Paco Carrillo jeneralak tropak ikuskatu ditu eta soldaduek lehendabiziko deskargak egin dituzte. Segidan, tropak elizatik igaro dira Urdanibia plazara itzuli aurretik.

Alarde parekidea, emakumeak eta gizonak berdintasun osoz onartzen dituena, ostera, 10:15ean atera da 1.500 lagunekin (11 konpainia) Urdanibia plazatik, gorabeherarik gabe eta ehunka lagunen babesarekin. Emakumeak soldadu gisa ere parte hartzen duten alardeak ere Irungo kaleak zeharkatu ditu, alarde tradizionalak egindako ibilbide beretik. 2014tik jeneral kargua betetzen duen Inma Landak tropak ikuskatu ditu eta soldaduek deskargak egin dituzte.

Arratsaldean, alarde parekidea izan da kalera irteten lehena, 17:15ean, eta 'Betikoa', ostera, 18:30ean abiatu da.

Aurreko urteetan bezala, Jose Antonio Santano Irungo alkateak ez dio harrerarik egin alarde mistoari. Are gehiago, alkate sozialistak alarde baztertzaileari baino ez dio harrera egin Udalean. Alkatearekin batera, Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak udaletxeko balkoitik jarraitu du alarde tradizionalaren desfilea. Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan adierazi duenez, parte-hartzeari dagokionez eta alarde tradizionalarekin alderatuta, alarde mistoaren parte-hartzea "askoz apalagoa" da. "Badirudi Irungo jende gutxiagok parte hartzen duela", gaineratu du.

Bestalde, Manuel Lezertua Arartekoak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak beren babesa eman diete alarde parekideko parte-hartzaileei. Manuel Lezertuaren esanetan, oraindik ere "badago zer konpondua" jaia parekidetasunean ospatzeko.

Halaber, alarde mistoa babestera gerturatu dira, besteak beste, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, EH Bilduren izenean, Xabier Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea eta Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramailea; Ezker Anitzako eta Ahal Duguko ordezkariak. Maddalen Iriartek alarde mistoa zoriondu du eta udaletxean zergatik ez dioten harrera egiten galdetu die Markel Olano ahaldun nagusiari eta Irungo alkateari.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;