Gizartea -
Pederastia
Iruñeko gizon bat espetxera bidali dute haur-pornografia egotzita
Gizonak, ustez, sare sozialen bitartez bilatzen zituen biktimak, tartean 13 urteko neskato bat, eta gezurren bidez harremanetan jartzen zen haiekin euren konfiantza eskuratzeko.
agentziak | erredakzioa
Foruzaingoak 33 urteko iruindar bat atxilotu du Nafarroako hiriburuan bertan, adingabeak galbideratzea eta haur pornografia leporatuta.
Ertzaintzak egindako ikerketa batek abiatu zuen Foruzaingoaren operazioa. Izan ere, lehenik Gasteizen atzeman zuten gizonaren jarduera, eta bertako auzitegiak Nafarroan ere ikertzea eskatu zuen, adingabeak galbideratze eta haur-pornografia delituak egon zitezkeelako.
Foruzaingoak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, A.S.M.k, ustez, sare sozialen bitartez bilatzen zituen biktimak, tartean 13 urteko neskato bat, eta gezurren bidez harremanetan jartzen zen haiekin euren konfiantza eskuratzeko.
Hori horrela, geroz eta argazki intimoagoak eta sexualagoak eskuratzen zituen, adingabeen xalotasuna aprobetxatuta. Batzuetan gizona adingabeekin geratzen zen diruaren edo oparien truke sexu-harremanak edukitzeko.
Atxilotua Iruñeko Auzitegitik pasatu eta zuzenean espetxera bidali zuten.
Foruzaingoarentzat "garrantzitsua" da gurasoek sare sozialen eta Interneten arriskuaz ohartaraztea haurrak, eta Interneten egiten dutena gainbegiratzea adinean aurrera egin arte.