Gizartea -

Iruñea

Kartzelara, 20 urteko gazte bat autoz harrapatu eta ihes egiteagatik

Istripuaren ostean, hil egin zen gaztea. Hiru urte t'erdiko espetxe-zigorra jaso du gidariak harrapatu eta, ondoren, ihes egiteagatik, lagundu gabe.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Zigor Arloko 2 zenbakia duen Epaitegiko buruak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati, 2015ko irailaren 27an 20 urteko gazte bat harrapatu eta, ondoren, lagundu gabe ihes egiteagatik. Gaztea hurrengo egunean hil zen, eragindako lesioengatik.

Epaiak dioenez, akusatuak bi urte eta erdiko kartzela zigorra jaso du zuhurtziagabekeriaz egindako hilketagatik, beste hiru urteko debekua autoa hartzeko eta beste urtebeteko kartzelaldia ez laguntzeko delituagatik. Ebazpen judiziala ez da irmoa, beraz, errekurtsoa aurkeztu dezakete Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian (NJAN).

Gainera, akusatuak 115.993 euroko kalte ordaina eman beharko die biktimaren gurasoei, NJANak jakinarazi duenez.

Epaileak probatutzat jo du 2015eko irailaren 27an, 04:00etan, akusatua bere autoan sartu zela, bikotekidearekin batera zegoela. Ibilgailua lokalaren ondoan egon zen aparkatuta eta, pubak gutxi aurretik ateak itxi zituenez, "pertsona ugari zegoen errepidean".

Ebazpenaren arabera, akusatuak "klaxona jo eta azeleratu zuen lekuan" bere autoa ukitzen ari ziren bi gazteri kentzea eskatzeko, eta "hala egin zuten gazteek". Orduan, bat-batean azeleratu zuen lekutik alde egiteko, "ez zihoan oso arin, eta, bidean pertsona asko bazegoen ere, eskuinera biratu zuen errepidean sartzeko".

Orduan, akusatua "ez zen konturatu, nahiz eta bost metrora egon", bere aurrean gazte bat zegoela lagun batekin hizketan. Horrezkero, gaztea harrapatu zuen "larri zaurituta".

Epailearen esanetan, akusatuak, "nahiz eta jakin bazekien pertsona bat harrapatu zuela, abiadura jaitsi zuen, baina ez zuen autoa gelditu; ez zen jaitsi laguntzeko eta ez zituen larrialdi zerbitzuei jakinaren gainean jarri, egindakogatik kezkatu gabe ihes eginda. Ondoren, bere etxera joan eta han geratu zen, Udaltzaingoak hara jo eta atxilotu zuten arte".

Harrapatutako gaztea (20 urte) hurrengo egunean, irailaren 27an, hil zen eragindako lesioengatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Iruñeko albisteak Nafarroako albisteak Gaurko azken ordukoa