Gizartea -

Gertakizuna

Loiun lurreratzekoa zen hegazkin bat desbideratu dute bonba-abisua jasota

Bilbon lurreratzekoa zen hegazkin bat Santanderrera desbideratu behar izan dute. Amsterdametik zetorren aireportua alertan jarri duen hegazkina.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegazkin bat desbideratu behar izan dute eta Bilboko aireportua alertan jarri dute gaur gauean bertan izandako bonba mehatxu baten ostean. Azkenean, baina, alarma faltsua izan dela egiaztatu dute Segurtasun Indarrek eta aireportua normaltasunera itzuli da osteguneko 00:30 aldera.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren iturriek eitb.eus-i baieztatu diotenez, AENAk dei bat jaso du gaueko lehen orduetan, eta, horretan, 22:30ean Bilboko aireportuan lur hartu behar zuen hegazkin batek bonba bat zeramala ohartarazi diote. Hegazkina KLM konpainiakoa zen eta Amsterdametik zetorren.

Hainbat hegaldi posible aztertu eta gero, ordu horren inguruan lurreratu den hegazkin bat pistatik urrundu dute, eta Guardia Zibilak aparailua eta bidaiariak miatu ditu. Ertzaintza eta Espainiako Poliziaren artezilariak ere bertaratu dira.

Dena dela, Institutu Armatuak ez du mehatxurik topatu, eta bonba abisu faltsua izan dela egiaztatu du.

KLMren 1689 hegaldia Amsterdametik abiatu da 20:36ean eta Bilbon lur hartu du, 22:45 aldera. Guztira, 90 bidaiari zihoazen.

AENAtik eitb.eus-i baieztatu diotenez, Bilboko aireportua alertan izan den bitartean Loiun lur hartu behar zuen hegazkin bat desbideratu behar izan dute.

Hain zuzen ere, Santiago-Bilbo-Santander bidea egiten ari zen, eta, azkenean, Kantabriako hiriburuko aireportura desbideratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo berriak Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko azken ordukoa