Gizartea -

SANFERMINAK

Fiskaltzak artxibatu egin du txapa eta kamiseta matxisten aurkako salaketa

Emakumeen kontrako gorroto deliturik ez dagoela iritzi dio Nafarroako Fiskaltzak, Iruñeko Udaltzaingoak sanferminetan 219 txapa matxista atzeman ondoren.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak artxibatu egin du aurreko ostegunean Emakumeen Aurkako Tratu Txarrak Ikertzeko Nafarroako Batzordeak sanferminetan saldu diren txapa eta kamiseta matxisten kontra jarritako salaketa. Emakumeen kontrako gorroto deliturik ez dagoela iritzi dio Fiskaltzak.

Emakumeen Aurkako Tratu Txarrak Ikertzeko Batzordeak jarri zuen salaketa. Batzordeak ohar batean adierazi zuenez, mezu horiek "emakumeen sexu askatasunaren aurkako erasoak" dira, "emakumeek gizonek nahi dutena egiteko prest egon behar dutela" zabaltzen dutelako, "behartuta ere, sexurako prest egon behar dutela" iradokitzen dutelako.

Salaketarekin batera, emakumeen aurkako mezu iraingarriak zituzten txapa eta kamiseta horien hiru argazki atera zituzten.

Fiskalaren ebazpenaren arabera, aztertutako argazki horiek agerian jartzen dute ez dagoela gorroto deliturik.

Kamiseta batzuetan gizonezko bat ageri da eserita eta emakume bat belauniko, felazio bat egiten balego bezala. Fiskalaren esanetan, ordea, piktograma horrek gizonezko baten eta emakumezko baten arteko sexu harremana islatzen du.

Bestalde, Iruñeko Udaltzaingoak atzemandako 219 txapei dagokienez, fiskalak dio kasu horretan ere ez dagoela inolako gorroto deliturik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Gaurko albisteak Nafarroan San Fermin jaiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak