Gizartea -
Apirilaren 12ko tiroketa
Arrasaten izandako hilketa saiakeraren ustezko egilea atxilotu dute
Atxilotua unitate psikiatriko batean espetxeratu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Arrasaten, apirilaren 12an, Kurtxetxiki plazan, 40 urteko gizonezko bat hiltzen saiatzea leporatuta.
Ikerketaren arabera, hiltzen saiatu zen gizona ausaz aukeratu zuen erasotzaileak, segur aski buruko gaixotasunen batek bultzatuta, bien artean aurretik ez baitzegoen inolako loturarik.
Asteazkenean atxilotu zuten gizonezkoa, eta instrukzio epaileak, behin-behinekoz, Arrasateko Aita Menni zentroko Psikiatria Legaleko Unitatean sartzea agindu zuen. Operazio horren baitan, beste bi pertsona ere atxilotu dituzte, baina ez dute loturarik hilketa saiakerarekin; aitzitik, armak legez kanpo edukitzea leporatzen diete.
40 urteko gizonezko batek tiroa jaso zuen apirilaren 12an, Arrasateko Kurtxetxiki plazan hiru seme-alabekin zegoela. Jaurtigaia bizkarretik sartu eta bihotzaren ondoan gelditu zitzaion, eta premiazko ebakuntza egin zioten Donostia Ospitalean.
Ertzaintzako Polizia Zientifikoko espezialistek lekuan bertan egindako azterketaren ondorioz, 9 mm-ko kalibreko zorro bat aurkitu zuten, eta horri esker jakin zuten arma detonatzaile eraldatu batekin (debekatuta daude) egin zutela tiro, eta eraldatutako munizioa erabili zutela.