Gizartea -
Transfobia
Martxan jartzeko baimena eman diote Hazte Oir taldeko autobus transfoboari
Madrilgo Probintzia Auzitegiak ez du delitu zantzurik aurkitu, eta, ondorioz, kautelazko neurri gisa ezarri zioten zirkulatzeko debekua kentzea erabaki du.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilgo Probintzia Auzitegiak ez du delitu zantzurik aurkitu Hazte Oir erakunde ultrakatolikoaren autobus transfoboan. Arrazoi horregatik, kautelazko neurri gisa ezarri zion zirkulatzeko debekua kentzea erabaki du. Chrysallisek adingabe transexualen errealitatea normalizatzeko kanpainari erantzunez, plataforma ultrakontserbadoreak autobus hori martxan jartzea erabaki zuen.
Alabaina, handik egun batzuetara zirkulatzeko debekua ezarri zion epaile batek, eta Madrilgo Udaltzaingoak autobus transfoboa geldiarazi zuen. Madrilgo kaleetan ondorengo mezua zabaldu zuten: "Mutilek zakila dute. Neskek, alua. Ez zaitzatela engaina!".
2017ko uztailaren 14an sinatutako auto horretan, erakunde ultrakatolikoak jarritako helegitea onartu dute epaileek. Ildo horretatik, autobusean zabaldutako mezuak “desatseginak eta oldarkorrak izan daitezkeen arren, ez da delitu zantzurik ageri”.
Madrilgo Probintzia Auzitegiko epaileen esanetan, “mutilek sakila dute eta neskek alua” esateak ez du “adingabeen kontrako erasoa” suposatzen. Gauzak horrela, “arauak errespetatzen dituen erakunde batek” gurasoei gisa horretako mezuak eman dakiokeela azpimarratu du autoak.
“Norbaiti edo zenbaiti gogaigarriak iruditzen zaizkien ideiak zapaltzea ez da demokratikoa. Botere politikoa erabilita garai bateko teokrazia ‘ideokrazia’ berriarekin ordezkatzea suposatuko luke horrek”.
Epaileen esanetan, gorroto delituak ez du inolako loturarik ideologia jakin bat izan eta horrekin bat datozen mezuak zabaltzearekin. Hala, oinarrizko eskubideak eta askatasun politikoak kontuan hartuta ere, Konstituzioak ez dituela muturreko indar politikoekin bat datozen ideologiak debekatzen nabarmendu dute autoan.
Arrazoi horregatik, Hazte Oir erakundeko autobus transfoboari kautelazko neurri gisa ezarri zioten zirkulatzeko debekua kentzea erabaki du Madrilgo Probintzia Auzitegiak. Halaber, kaleetan zabaldutako mezuetan ez dutela delitu zantzurik aurkitu nabarmendu dute.
Jurisprudentzia
Madrilgo Probintzia Auzitegiko epaileek beste kasu batzuk aipatu dituzte adibide gisa; Guillermo Zapata zinegotziak Twitterren zabaldutako mezuak edota "Gora Alka-ETA" lelodun kartel bat erakutsi zuten bi txotxongilo ikuskizuna. Kasu horietan, zenbait pertsona mindu dezaketen arren arduradunak ez dituztela zigortu azpimarratu dute autoan.
Era berean, Podemos alderdi politikoak duela hilabete batzuk martxan jarritako Tramabus izeneko autobusaren kasua aipatu dute. Ustelkeria politikoa salatzeko asmoz, politikari, enpresari ekonomiko eta kazetari batzuk aipatu zituzten. Epaileen esanetan, pertsona horiek guztiek ere haien duintasuna errespetatzeko eskubidea dute, eta beti errugabetasun presuntzioa nagusitu behar dela azaldu dute. Alabaina, inork ez zuela autobus horren zirkulazioa debekatu nabarmendu dute epaileek.