Gizartea -
Istripua
Irundar bat eta adingabe bat hil dira Tarragonan, trafiko istripu batean
Beste bi pertsona, tartean beste adingabe bat, larri zauritu dira C-14 errepidean, Alcoverren, jazo den ezbeharrean.
Agentziak | Erredakzioa
Irungo 40 urteko gizon bat eta 14 urteko ume bat, hil dira gaur goizean C-14 errepidean, Alcover parean, jazo den istripu batean. Ezbeharra gaur goizean gertatu da, eta beste bi lagun zauritu dira, larri.
Kataluniako Errepideko Zerbitzuak (Servei Català del Trànsit) jakitera eman duenez, 07:30 inguruan gertatu da istripua. Ordu horretan, oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla eta, biktimak zihoazen ibilgailuak eta bidaiaririk ez zeraman mikrobus batek aurrez aurre jo dute.
Lehendabiziko talka horren ostean, furgoneta batek jo ditu bi ibilgailuak. Azken ibilgailu horren gidaria arin zauritu da.
Hildako bi pertsonak Irungo 40 urteko gizon bat eta 14 urteko ume bat dira. Ikerketako iturriek EFEri jakinarazi diotenez, adingabea gidariaren semearen lagun bat da.
Gidariaren semea ere auto barruan zihoan, eta larri zauritu da, baita mikrobuseko gidaria ere.
Larrialdi zerbitzuek Tarragonako Joan XXIII Ospitalera eraman dituzte zaurituak.